dilluns, 17 d’agost del 2009

[EUSK] KARTZELA GEHIAGORIK EZ, GAUZEN EGOERA ETA ESTATUAREN GAUZAK EZBAIAN JARTZEAGATIK

Orain dela bi urte Nuria Portulás, preso zeuden pertsonekin solidarioa zen militante anarkista, atxilotu egin zuten, Italiako erakunde terrorista batekin kolaboratu izana egotzita; denbora hau igarota eta lau hilabetez lege antiterroristak aurreikusitako espetxealdia jasanik, Auzitegi Nazionalak epaitu eta bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri zion, erakunde terroristarekin kolaboratzen saiatzearen akusaziopean. Eduki politikoa zuten pegatina eta kartelak izatea bezalako froga eztabaidaezinetan oinarrituriko epaiak ez dioena da, Italian ustezko erakunde terrorista hori ez dela inoiz epaitua izan eta kasu honekin loturik prozesatu den pertsona bakarra, Juan Sorroche hain zuzen, absolbitu egin zutela.

Zentzugabea eta elkartasun eta lan militantearen aurkakoa den epai honen aurrean ez dezakegu begien bistatik gal, Estatuaren botereek mugimendu disidente eta borrokalarien aurka darabilten jazarpen sistematikoa.

KRIMINALIZAZIO ETA IDEIEN JAZARPENAREN AURKA, NURIA ASKATU!

Amadeu Casellas Brians IIan kartzelaturik dagoen eta dagoeneko legeak ezarritako gehienezko zigorra beterik duen preso anarkista, gose greban dago joan den maiatzaren 24az geroztik. Iazko udaberrian jada, eskatu zuen legalki dagokion hirugarren gradua. Zigor erakundeak alabaina, ukatu egin zion eskaera eta ondorioz 80 egun iraun zituen gose grebari ekin zion. Honela, zigor erakundeen partetik bere eskaera tramitatzeko konpromisoa lortu zuen.

Espetxeetako estamentuek erakutsiriko utzikeria zela eta, 2009ko apirilean beste gose greba bat hasi zuen. Gose greba honek eten bat edo beste izan zuen, zenbait gertaerek auziak Amadeuren aldeko aterabidea izanen zuela adierazten baitzuten, baina maiatzaren 24an gose grebari berrekin zion, askatu arte iraunen zuela azaldurik.

Amadeu zein beste pertsona borrokalari batzuk “saritzen” dituen hautazko salbuespen honek agerian jartzen du presondegiak kontrol sozialari eta arazo sozialen ezkutatzeari dagokionez duen eginkizuna.

KARTZELEN AURKA ETA JUSTIZIA SOZIALAREN ALDE, AMADEU ASKATU!